Nagore Legarreta Alcelay eta Beñat Ralla Yusta sortzaileak izango dira Alkizako Sormenaren Kabiko apopilo berriak.

 

Poliki-poliki eta mimo handiz hasi ginen gure kabia eraikitzen, orain iritsi da bigarrengoz habia betetzeko unea. Maiatzean Sormenaren Kabia Artistentzako Egonaldien bigarren ekitaldian parte hartzeko deialdia egin genuen eta aleka-aleka asko izan dira iritsi diren proposamenak, hogeita lau guztira.

JASOTAKO PROIEKTUAK

Parte hartze datuei dagokionez, aurten ere, emakumeen parte-hartzea nabarmendu behar dugu, hautagaien gehiengoa emakumea izan baita. Jaso ditugun hogeita lau proposamenetatik hamabost emakumezkoenak izan dira, lau gizonezkoenak eta bost kolektibo edo konpainia artistikoenak.

Euskal Herri bertako parte-hartzaile asko izan ditugu eta baita atzerrikoak ere: Espainia, Txile, Argentina, Lituania eta Frantziakoak besteak beste. Modu honetara, jatorri, kultura, hizkuntza eta bizi molde ezberdinetako pertsonek naturaren, gizakiaren eta kulturaren topalekura, Alkizara etorri nahi dutela adierazi digute.

Sormenaren Kabira gerturatu direnen artean artista hasi berriak zein ibilbide luze eta oparoa dutenak izan ditugu, belaunaldi ezberdinetako sortzaileek bat egin dute gure ekimenarekin. Hautagaien bataz besteko adina 35-40 urte bueltakoa da, 25 urte ditu kiderik gazteenak eta 59 berriz beteranoenak.

Dantzariak, koreografoak, clownak, aktoreak, marrazkilariak, irakasleak, zinemagileak, antzerki sortzaileak, abokatuak… denetariko profesionalen lanak jaso ditugu eta diziplina ezberdinetan jarduten badute ere, guztiak batzen ditu arteak, esperimentatu eta sortzeko gogoak.

HAUTATZEKO BATZORDEA ETA IRIZPIDEAK

Proposamenak aztertu eta guztien artean proiektu bat aukeratzeko xedearekin, Fagus Alkiza Interpretazioa Zentroak honako epaimahaia osatu du:
• Jon Umerez Urrezola: Alkizako alkate ohia eta EHU-ko irakaslea.
• Lorea Agirre Dorronsoro: kazetaria eta Jakin aldizkariko zuzendaria.
• Koldobika Jauregi Zinkunegi: eskultorea.
• Aintzane Lasarte Garate: CPIE Euskal Itsasbazterra erakundeko kultura bitartekaria eta Nekatoenea, artisten egonaldietako arduraduna.
• Ramon Agirre Lasarte: aktorea eta idazlea.
• Haizea Barcenilla Garcia: Artearen historian doktorea EHUn irakaslea eta arte kritikoa.
Epaimahaiak jasotako lan guztiak tentuz aztertu ditu eta erabakia hartzerakoan irizpide hauek izan ditu kontuan:
• Proposamenaren originaltasuna.
• Proiektuaren koherentzia Fagusen hiru ardatzekin: Natura, gizakia eta kultura.
• Sormenaren Kabia-k eskaintzen dituen lan-espazioetara eta baliabideetara egokitzapena.
• Artistak proiektuan parte hartzeko azaldu duen interesa.

HAUTATUTAKO PROIEKTUAK

Epaimahaiak Nagore Legarreta eta Beñat Ralla sortzaileen proiektuak aukeratu ditu.

Hautatutako sortzaileei eta egonaldiari buruzko xehetasunak  web orrialde honetan kaleratuko ditugu datozen asteetan.


PRENTSAN

Alkizako ‘Sormenaren Kabiak’ bi etxetiar berri ditu (DV): https://www.diariovasco.com/culturas/alkizako-sormenaren-kabiak-20190822110342-nt.html