Natura, Gizakia eta Kultura


Alkizako Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, artistek hausnartu, sortu eta esperientziak partekatzeko egonaldi bat sortu zuen 2018an: SORMENAREN KABIA.

Alkiza, bere kokapen geografikoagatik, gune estrategiko batean dagoela konbentzituta gaude: Hernio mendiaren magalean, Europako Natura 2000 Sare ekologikoaren baitan aitortutako naturagune zoragarri baten erdian dago. Gipuzkoaren bihotzean, herri giro lasaia eskaintzen du baina, aldi berean, kilometro gutxira ditugu Donostia, Baiona, Bilbo naiz Euskal Herriko gainerako hiriburuak zein aireportuak ere. Hortaz, Alkiza kokaleku aparta da euren proiektuak garatzeko toki lasaien bila ari diren artistentzat; hirietako zarata eta zurrunbiloetatik urrun eta aldi berean gertu dagoelako.

Nazioartean geroz eta gehiago dira landa-eremuetan artistentzat berariaz sortu edo egokitzen ari diren ekimen artistiko eta kulturalak. Gureak, Tolosaldeko mugak gainditu eta Gipuzkoako eskaintza osatu eta aberastu nahi du. Izan ere ekimen honek duen kalitate eta interesagatik, Gipuzkoako Lurraldeko kultur eskaintzarentzat osagarria delakoan gaude.
Gure xedeetako bat da Euskal Herriko artistentzat ez ezik, mundu osoko sortzaileentzat ere erakargarria izango den ekimen bat izatea. SORMENAREN KABIArekin kultura eta arte-sorkuntza hirietatik deszentralizatu nahi ditugu. Landa-eremuko herri txikietan proiektu artistikoak gauzatu daitezkeela erakutsi nahi dugu; bide horretan lehen urratsak emanak ditugu jada, aurtengoa hirugarren ekitaldia baitu SORMENAREN KABIAk.

SORMENAREN KABIA eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanari esker sortu da. Aurten gainera, herriko beste eragile batek bat egin du ekimenarekin: Ekotalo enpresak. Gauzak horrela, Alkizako Udalak, Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak, Alkizako Ostatuak, Lete Landa-etxeak, Inazio Urruzola Txakolindegiak, Ekotalok eta Koldobika Jauregiren Ur Mara Museoak sustatutako proiektua da.

Gipuzkoan, landa-eremua eta hiria elkarrengandik oso gertu daude fisikoki, baina, kulturalki urruntzen ari dira. Gipuzkoan, eta Euskal Herrian, oro har, landa-eremuarekiko deserrotze prozesu bat ematen ari da. Bi eremuen arteko loturak indartu nahi ditu ekimen honek.  Finean,  lurraldeko kultur eskaintza orekatua izatea nahi dugu, hiri eta herrien arteko elkarlana sustatu nahi dugu.

SORMENAREN KABIArekin, Alkiza, Gipuzkoako mapa kulturalean kokatu eta  landa-eremuko sorgune moduan erreferente bat izatea nahi dugu. Gainera, herria ezagutzera emateak Alkizako ekonomia indartu dezakeelakoan gaude; bai turismo iraunkorra sustatuz, eta baita lanpostu berriak sortzeko aukerak handituz ere.

Proiektu honen beste funtzioetako bat da  Gipuzkoako landa-ingurunean egiten den jarduera aintzakotzat hartu eta lurraldeko biodibertsitatea eta paisaiaren inguruko balioak mantentzea. Izan ere, gurera datozen artistek bertatik bertara ikusi dezakete gizakiok paisaiaren eraikuntzan eta bioaniztasunean  izan dugun eta dugun garrantzia zenbaterainokoa den. Alegia, inguratzen gaituen paisaia gure arbasoek zizelkatu dute; gure aurreko baserritar eta abeltzainei esker da den bezalakoa.

Edozeinetara ere, jakina denez, nekazaritza-jarduerak gaur egun ez du garai batean zuen pisua. Alkizan bertan izugarri gutxitu da lurretik bizi diren familien kopurua. Egun hiru baino ez dira baserria bizibide duten sendiak,  eta bederatzi lehen sektoretik eta beste jarduera ekonomiko batetik bizi direnak. Tradizioz nekazaritzari lotuta egon diren familiek lehen sektorea utzi eta industria edo zerbitzuen sektorera jo behar izan dute. Egoera horrek, landa-eremua uztea dakar eta herri txikien biziraupena ziurtatu nahi badugu, nahitaezkoa da herriarentzako zer nolako etorkizuna nahi dugun eta hori lortzeko zer egin behar dugun ondo aztertu eta zehaztea.

Herriaren garapenerako biodibertsitatearen zaintza, landa paisaiaren mantenuaren garrantzia eta turismo iraunkorraren sustapena funtsezkoak direla hausnartu zuten alkizarrek duela 15 urte. Hala, herriak duen ondare naturalaren aldeko apustu garbia egin dute, herriaren nortasuna, ondarea, eta balioak kontserbatuz eta garapen ekonomikoa sustatuz.

SORMENAREN KABIA-k, Alkizako herri mugimendua biziberritzeko gizarte-ekintzen sustatzailea izan nahi du. Egitasmo honen haritik, urte osoan zehar ekitaldi sozialak eta kulturalak antolatzen ditugu, herri-bizitza aktibatuz.

Herri txikien etorkizuna bermatzeko garrantzitsua da biztanleria kopuruari eustea, beti ere, herriaren nortasuna galdu gabe eta herritarren bizi kalitatea ziurtatuz. Horretarako berebiziko garrantzia du herritarren intereseko jarduera kulturalak eta sozialak definitu eta garatzeak. Hori guzti hori, jakina, herri txikiek izan ohi duten aurrekontu txikiengatik baldintzaturik dago. Beraz, SORMENAREN KABIA alkizarren eta edonoren interesekoak diren jarduerak antolatzeko sortu da, beti ere, herriaren ezaugarriak eta baliabideak zeintzuk diren kontuan hartuz.

Azkenik, sortzaileei ikusgarritasuna eman nahi diegu proiektu honen bidez. SORMENAREN KABIAk, bereziki, emakume artistei bisibilitatea eman nahi die eta gainera, artista gazteei euren ibilbidean zehar esperientzia berri bat bizitzeko aukera eskaini nahi die.

Hautatuak diren egileei lanerako zenbait espazio, aholkularitza artistikoa; izaera bereko beste hainbat ekimen ezagutzeko erraztasunak; euren lana ezagutzera emateko berariaz egindako ikus-entzunezko bat, ostatua eta babes ekonomikoa eskaintzen dizkie SORMENAREN KABIAk:

  • Aukeratutako proiektuei 1000€ko beka bana emango zaie; diru hori nahi dutenerako erabili ahal izango dute eta ez dute ordainagiririk aurkeztu beharko.
  • Beka jasoko dutenek, Koldobika Jauregiren aholkularitza jasoko dute, hala nahi izanez gero.
  • Alkizako Udalak Lete Apartamentuetako batean hiru asteko egonaldia ordainduko die hautatuak izan diren lagunei. Apartamentuek, gehienera ere, lau lagunentzako tokia eskaintzen dute. Horietako bat elbarrientzako egokituta dago.
  • Antolakuntzak proiektuen ezaugarrietara egokitzen diren lanerako espazioak egokitzeko konpromisoa hartzen du bere gain. Edozein kasutan ere, sortzaileek honakoak eskura izango dituzte:
    1. Alkizako Plazan dagoen lanerako espazio bat.
    2. Koldobika Jauregiren Ur Mara Museoko espazioak eta baliabideak.
    3. Lete Landa-etxean, aurkeztutako proiektuen ezaugarrietara egokitutako gune bat.
    4. Inazio Urruzola Txakolindegian, hautatutako proiektuetara egokitutako espazio bat. Nahi izatera, mahastiak ere sortzaileen lanerako gune izan daitezke.
  • Hautatutako artistek Alkizan zer eta nola egin duten ezagutzera emateko proiektu bakoitzeko ikus-entzunezko bana ekoiztuko du antolakuntzak. Beren-beregi egindako lan hauen gastua bere gain hartuko du antolakuntzak. Artistek bideo hauek euren promoziorako erabili ahal izango dituzte Alkizan jendaurreko aurkezpena egin ondoren.
  • SORMENAREN KABIA-n parte hartuko duten sortzaileek Hendaiako Nekatoenea Artisten Etxea eta Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoko PATRIM + erresidentzia artistikoak zer diren ezagutzeko aukera izango dute.

SORMENAREN KABIA-n parte hartuko duten artistei herritarrekin harremanak izateko bideak erraztuko zaizkie. Esate baterako,  Alkizako Eskolan martxan den Baso Eskola proiektua bertatik-bertara ezagutzeko aukera emango zaie.

Deialdi honetan adinez nagusia den edozein sortzailek parte hartu dezake, eskarmentu handikoa nahiz hasi berria izan. Artistek bakarka zein taldean aurkeztu ditzakete euren proposamenak.

SORMENAREN KABIA artista hasi berrientzat trebatzeko eta euren lanaren promozioa egiteko aukera paregabea delakoan gaude. Horregatik, gure deialdia Euskal Herriko Arte Ederretako Fakultateko ikasleen artean ere zabaldu dugu.

Proiektuak edozein diziplina artistikotakoak izan daitezke: teknologia berriak, antzerkia, dantza, literatura, eskultura, bertsolaritza, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, argazkilaritza, diseinua, moda eta abar.

Deialdian parte hartuko dutenek naturarekin eta landa-eremuarekin lotutako ekimen bat landu beharko dute; Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren hiru ardatzak aintzat hartu beharko dituzte, alegia: natura, gizakia eta bien arteko harremanetik sortzen den kultura. Halaber, egonaldian zehar, naturarekiko eta herritarrekiko errespetuz jokatu beharko dute. Hortaz, sorkuntza prozesuan ezingo dute ingurumenari kalte egin diezaiokeen materialik edo teknikarik erabili.

Azkenik, aurkeztutako egitasmoa SORMENAREN KABIAk eskaintzen dituen baliabide eta baldintzetara moldagarria izan beharko da nahitaez.

Publikoari dagokionez, SORMENAREN KABIA haur, gazte, nerabe zein helduentzako interesgarria dela  ikusi dugu lehenengo bi ekitalidietan. Jakin-mina azaltzen duen edonork proiektua bertatik-bertara ezagutzeko aukera izango du.

Lanak originalak izan beharko dira, beste inolako deialditara edo lehiaketetara aurkeztu gabeak.

Hautagaiek landu nahi duten proiektuaren plangintza orokorra zein den eta proiektu horren baitan Alkizan zehazki zer egingo duten,  zein zati egingo duten azaldu beharko dute. Izan ere, hiru asteko epean egitasmo bat hasi eta bukatzea zaila dela aintzat hartuz, Alkizan bertan hasi eta burutzeko moduko ideia bat, edota, proiektu jakin baten zati konkretu bat garatzeko proposamen bat aurkeztu daiteke.

Deialdian parte hartu nahi duten pertsonek, naturarekin eta landa-eremuarekin lotutako ekimen bat garatu beharko dute; Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren hiru ardatzak aintzat hartu beharko dituzte, alegia: natura, gizakia eta bien arteko harremanetik sortzen den kultura. Halaber, egonaldian zehar, naturarekiko eta herritarrekiko errespetuz jokatu beharko dute. Beraz, sorkuntza prozesuan ezingo dute ingurumenari kalte egin diezaiokeen materialik edo teknikarik erabili.

Aukeratuak izan diren artistek antolakuntzarekin adostutako datetan egonaldian parte hartu beharko dute. Baldintza hau beteko ez balute, 1000€ko beka eta egonaldian parte hartzeko aukera galduko lituzkete.

SORMENAREN KABIAn parte hartuko duten sortzaileek nola lan egiten duten ikusteko aukera eskainiko diete, noiz edo noiz, herritarrei zein kanpoko bisitariei eta kazetariei; trukean ez dute aparteko ordainsaririk jasoko.

Hautatutako proposamenak ezagutzera emateko, ikus-entzuneko bana ekoiztuko du Antolakuntzak. Bertan, egonaldian zehar artistek zer egin duten, nola lan egin duten, herriarekin berarekin eta herritarrekin zer nolako harremana izan duten ikusi ahal izango da besteak beste. Azker ordukorik ez bada, ikus-entzuneko hauek jendaurrean aurkeztuko dira 2020ko abenduaren 18an.

Egiari zor, lehenengo bi edizioetako parte-hartzeak gure aurreikuspenak gainditu zituen: 24 jaso genituen lehen ekitaldian eta 25 bigarrengoan.

Parte-hartze datuak hitz bakarrarekin laburbildu beharko bagenitu, “emakumea” izango litzateke horretarako hitzik egokiena, hautagaien gehiengoa emakumea izan baita bi edizioetan (%70a).

Euskal Herri bertako hautagai asko izan ditugu eta baita atzerrikoak ere: Espainia, Txile, Argentina, Frantzia,  Iran eta Erresuma Batukoak besteak beste. Modu honetara, jatorri, kultura, hizkuntza eta bizimolde ezberdinetako pertsonek naturaren, gizakiaren eta kulturaren topalekura, Alkizara etorri nahi zutela adierazi ziguten.

Sormenaren Kabira gerturatu zirenen artean artista hasi berriak zein ibilbide luze eta oparoa dutenak izan ditugu, belaunaldi ezberdinetako sortzaileek bat egin dute gure ekimenarekin. Hautagaien bataz besteko adina 35-40 urte bueltakoa izan da, 23 urte zituen kiderik gazteenak eta 63 berriz beteranoenak.

Dantzariak, koreografoak, psikologoak, clownak, aktoreak, marrazkilariak, irakasleak, zinemagileak, antzerki sortzaileak… denetariko profesionalen lanak jaso ditugu eta disziplina ezberdinetan jarduten badute ere, guztiak batzen ditu arteak, esperimentatu eta sortzeko gogoak.

HAUTATZEKO BATZORDEA ETA IRIZPIDEAK

Proposamenak aztertu eta guztien artean  proiektu bat  aukeratzeko xedearekin,  Alkizako Udalak ekitaldi bakoitzeko epaimahai bat sortuko du beren beregi. Sorkuntzaren esparru desberdinetako adituek osatuko dute hautatzeko batzordea. Edozein kasutan, eipamahaikideen artean genero berdintasuna bermatuko da beti.

Antolakuntzak hurrengo epaimahaia osatu zuen 2017an:

  • Jon Umerez Urrezola: Alkizako alkatea.
  • Koldobika Jauregi Zinkunegi: eskultorea.
  • Maria Altuna Lizarraga: artista eta ikertzailea.
  • Aitor Irulegi Lopez: artista.
  • Laurita Siles Ceballos: artista eta ikertzailea.
  • Ixiar Garcia Urbieta: artista.

Honakoa izan zen bigarren ekitaldiko epaimahaia:

  • Jon Umerez Urrezola: Alkizako alkate ohia eta EHU-ko irakaslea.
  • Koldobika Jauregi Zinkunegi: eskultorea.
  • Lorea Agirre Dorronsoro: kazetaria eta Jakin aldizkariko zuzendaria.
  • Aintzane Lasarte Garate: CPIE Euskal Itsasbazterra erakundeko kultura bitartekaria eta Nekatoenea, artisten egonaldietako arduraduna.
  • Ramon Agirre Lasarte: aktorea eta idazlea.
  • Haizea Barcenilla Garcia: Artearen historian doktorea EHUn irakaslea eta arte kritikoa.

Proiektuak epaitzerakoan irizpide hauek izango dira aintzat hartuko direnak:

  • Proiektuaren koherentzia Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren hiru ardatzekin: natura, gizakia eta kultura.
  • Proiektuaren originaltasuna. Proposatutako ideia berritzailea edota ezohikoa izatea baloratuko da.
  • Hautagaiak proiektuan parte hartzeko azaldu duen interesa.
  • Aurkeztutako proiektuak kontuan hartu behar ditu landa-eremuko herri txiki euskaldun baten ezaugarriak. Honenbestez, herriarekiko eta bertako kulturarekiko duen ezagutza edota interesa aintzat hartuko dira.
  • Proiektuak herriko eragileak eta oro har, herritarrak aintzat hartzea baloratuko da. Alkizan egongo diren bitartean herritarrekin jardueraren bat egitea edo herritarrentzat ekimenen bat antolatzea estimatuko da.
  • SORMENAREN KABIAk eskaintzen dituen lan-espazioetara eta baliabideetara egokitzapena.

 

HAUTATUTAKO SORTZAILEAK

Aurrez esan bezala, hautagaien gehiengo nabarmena emakumea izan da. Gainera, antolakuntzak emakumeengan jarri nahi du azpimarra; bereziki emakumeen lanei eman die ikusgarritasuna. Hortaz, ekitaldi guztietan,  aukeratutako proiektuetako bat, gutxienez, emakume batena edo emakume talde batena izango da.

Hurrengoak izan dira lehenengo bi edizioetan beka irabazi duten artistak:

  • Kimia Kamvari Moghaddam.
  • Txiki Keixeta (Antonio Maria Agirre Garate).
  • Nagore Legarreta Alcelay.
  • Beñat Ralla Yusta.

SORMENAREN KABIAK IZAN DUEN OIHARTZUNA ETA PUBLIKOA

SORMENAREN KABIA proiektuak herrian bertan zein Tolosaldean oihartzun handia izan du, bai komunikabideetan eta baita sare sozialetan ere. Herritarrek zein Alkizan egon ziren artistek ere, ahoz-aho ere zabaldu dute ekimenari buruzko informazioa.

SORMENAREN KABIAk ordea, eskualdeko mugak gainditu ditu (Tolosaldeko Ataria eta  28 Kanala) eta Euskal Herri osoan argitaratzen diren egunkarietan (Berria, Gara, Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa) zein Euskal Herri osoan entzuten den Euskadi Irratian, Radio Vitorian eta Radio Euskadin ere izan du presentzia.

Sare sozialei dagokionez, Facebook, Twitter eta Instagramen SORMENAREN KABIAri buruzko informazioa zabaldu dugu.

Sormenaren Kabia 2020

Aurkezpen ekitaldia, 2020ko ekainaren 3


Ekainaren 3an  aurkeztu dugu SORMENAREN KABIA artistentzako egonaldien hirugarren edizioa. Koldobika Jauregi eskultore ospetsuaren Ur Mara Museoa aukeratu dugu horretarako, izan ere, bertan, naturak berak eskaintzen baitizkigu agertoki zein soinu bandarik ederrenak.

Gastronomia eta sorkuntza uztartu ditugu aurkezpen ekitaldian; sukaldaritza zerbait bada, horixe baita: etengabeko sormena, prestakuntza eta esperimentazioa. Horiek dira hain zuzen ere SORMENAREN KABIA artistentzako egonaldien bereizgarririk nabarmenenak.

Alkizako Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, artistek, hausnartu, sortu eta lan egiteko espazio bat sortu zuen duela hiru urte. Egitasmo horrekin, arte-sormena, kultura bera, hirietatik deszentralizatu nahi dugu. Alkiza Gipuzkoako mapa kulturalean kokatu nahi dugu, etorkizunean landa-eremuko sorgune moduan erreferentea izan dadin. Horretarako lehen urratsak eman ditugu, hirugarren edizioa dagoeneko martxan baita.

Prentsaurrekoan eskualdeko zein nazio mailako komunikabideetako kazetariak izan dira, baita aurtengo epaimahaiko kideak ere: Aizpea Goenaga Koldobika Jauregi, Nagore Legarreta eta Xabier Artola.

Aurkezpenean, Alkizako Kabia izeneko kutixia sortu dute Alkizako Herri Ostatuko sukaldaria den Markos Estebanek eta Ekotalo enpresako Julen Altzelaik. Lurrak emandako lehengaiekin eta sormena landuz, goi mailako errezetak  sortzea posible dela agerian utzi digute. Hala, Alkizako Kabiak arrakasta izan du bertaratu direnen artean.

Alkizarrek, Alkizako osagaiekin eta Alkizan egindako mokadua da Alkizako Kabia. Alabaina, edonork dastatu ahal izango du, bai Alkizako Herri Ostatuan eta baita Ekotaloko kartan ere.

Izena emateko epea ekainaren 5etik uztailaren 5era bitartean egongo da irekita. Alkizako Udalaren webgunean (www.alkiza.eus) eta Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren webgunean (www.fagus-alkiza.com)  oinarriak ikusgai daude jada.

Sormenaren Kabia 2019

2019ko urtean, 2 artista jardun dira gure kabia eraikitzen, beraien egonaldian zehar sortutako arte lanak nola sortu dituzten ikusi eta gozatu ahal izan dugu.

Artista hauek Beñat Ralla eta Nagore Legarreta izan dira, hona beraiek sortutako lanen aurkezpen bideo batzuk:

Sormenaren Kabia 2018

2018ko urtean, 2 artista jardun dira gure kabia eraikitzen, beraien egonaldian zehar sortutako arte lanak nola sortu dituzten ikusi eta gozatu ahal izan dugu.

Artista hauek Txiki Keixeta eta Kimia Kamvari izan dira, hona beraiek sortutako lanen aurkezpen bideo batzuk: