1. AURKEZPENA ETA HELBURUAK

Fagus Alkiza Intepretazio Zentroak, Gipuzkoako kultura maparen barruan, egitasmo artistiko berri bat jarri du abian. Euskal Herriko sortzaileek ez ezik, mundu osoko artistek ere tokia izango dute ekimen honetan.

Artistek hausnartu, sortu eta lan egiteko gune bat sortu eta landa-ingurua eta kultura eskutik doazela erakutsi nahi dugu.

Sormenaren Kabia kultura eta ezagutzak elkarbanatzeko, esperimentatzeko eta difusiorako gune bat izateko xedearekin jaio zen iaz. Artearen sorkuntza gizarteratzeko eta sortzaileen lanari ikusgarritasuna emateko tresna izan nahi du Gipuzkoa osorako.

Artistei sormen prozesuak gauzatzeko espazioa eta aholularitza eskainiko diegu eta horretarako, SORMENAREN KABIA, ARTISTENTZAKO EGONALDIEN bigarren deialdia egin dugu.

Alkiza, bere kokapen geografikoagatik, gune estrategiko batean dagoela komentzituta gaude: Hernio mendiaren magalean, Europako Natura 2000 Sarearen baitan aitortutako naturgune zoragarri baten erdian kokaturik dago. Gipuzkoaren bihotzean, herri giro lasaia eskaintzen du baina, aldi berean, kilometro gutxira ditugu Donostia, Baiona, Bilbo naiz Euskal Herriko gainerako hiriburuak zein aireportuak ere. Alkiza natur-ingurune paregabean dago, mundutik gertu, baina, hiriko erritmo zoro eta zaratatik urrun.

Sormenaren Kabiak, Gipuzkoako landa-ingurunean egiten den jarduera aintzakotzat hartu eta lurraldeko biodibertsitatea eta paisaiaren inguruko balioak mantentzeko lagungarria izan nahi du. Herrira etorritako artistek, gure arbasoek bioaniztasunaren kontserbazioan izan duten eta duten garrantziaz jabetzeko aukera paregabea izango dute.

Sortzaileen eta herritarren artean elkarlana eta sinergiak sortzeko aukera eskainiko du Sormenaren Kabia-k. Hala, proiektuan parte hartzen duten artistei herriko eragileekin zein gainerako herritarrekin harremanak izateko aukera emango zaie.

Sormenaren Kabia Alkizako Udalak, Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak, Alkizako Ostatuak, Lete Nezakaletxeak, Inazio Urruzola Txakolindegiak eta Koldobika Jauregiren Ur Mara Museoak sustatutako proiektua da.

2. ZER ESKAINTZEN DU SORMENAREN KABIAK

Egileei sormen prozesuak gauzatzeko espazioak, ahokularitza artistikoa eta babes ekonomikoa eskaintzen die egitasmo honek. Sormenaren Kabiak ondorengo baliabideak emango dizkie egonaldian parte hartuko duten lagunei:

  • Hamabost eguneko egonaldia Alkizako Lete Apartamentuetan. Apartamentuetako bat elbarrientzako egokituta dago.
  • Aukeratutako sortzaileei 1000€ko beka bana emango zaie.
  • Parte-hartzaileek lanerako hiru gune desberdin izango dituzte aukeran:
    • Lete Nekazal Etxean, lanaren ezaugarrietara egokitutako gune bat erabiltzeko parada izango dute.
    • Inazio Urruzola Txakolindegian, hautatutako proiektuetara egokitutako espazio bat izango dute eskura. Nahi izatera, mahastietan ere lan egiteko abagunea izango dute.
    • Sortzaileek Koldobika Jauregiren Ur Mara Museoan ere jarduteko aukera izango dute.
  • Sormenaren Kabia-n parte hartuko duten artistei herritarrekin harremanak izateko bideak erraztuko zaizkie, adibidez, seinaleztatuta dauden ibilbide gidatuak egiteko edota Alkizako Eskolan martxan den Baso Eskola bertatik-bertara ezagutzeko aukera emango zaie
  • Sormenaren Kabia-n parte hartuko duten sortzaileek Nekatoeneako Artisten Etxea eta Igartubeitiko PATRIM erresidentzia artistikoak zer diren ezagutzeko aukera izango dute.
  • Beka jasoko duten kreatzaileek, Koldobika Jauregiren aholkularitza jasoko dute, hala nahi izanez gero.

3. EGONALDIAREN IRAUPENA

Egonaldiak hamabost eguneko iraupena izango du eta 2019ko iraila eta azaroa bitartean gauzatuko da. Deialdian aukeratua izango den artistarekin adostuko da data zehatza. Edozeinetara ere, egonaldia epe bakarrean egin beharko dute, hamabost egunez jarraian egon beharko dute.

4. HAUTAGAIAK

Deialdi honetan adinez nagusia den edozein sortzailek parte hartu dezake, eskarmentu handikoa zein hasi berria izan. Proiektuak edozein diziplina artistikotakoak izan daitezke: teknologia berriak, antzerkia, dantza, literatura, bertsolaritza, ikusentzunezkoak, transmedia, diseinua, moda, eskultura eta abar.

Azkenik, aurkeztutako egitasmoa Sormenaren Kabiak eskaintzen dituen baliabide eta baldintzetara moldagarria izan beharko da nahitaez.

5. PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

Lanak originalak izan beharko dira, beste inolako deialditara edo lehiaketetara aurkeztu gabeak.

Deialdian parte hartu nahi duten pertsonek, naturarekin eta landa-eremuarekin lotutako proiektu bat aurkeztu beharko dute, Fagus Alkizaren hiru ardatzak aintzat hartu beharko dituzte, alegia: natura, gizakia eta bien arteko harremanetik sortzen den kultura. Halaber, artistek egonaldian zehar naturarekiko eta herritarrekiko errespetuz jokatu beharko dute. Sorkuntza prozesuan ezingo dute ingurumenari kalte egin dieziokeen materialik edo teknikarik erabili.

Aukeratuak izan diren artistek, adostutako datetan egonaldian parte hartu beharko dute. Baldintza hau beteko ez balute, 1000€ko beka eta egonaldian parte hartzeko aukera galduko lituzkete.

Sormenaren Kabia Artistentzako Egonaldietan parte hartuko duten sortzaileek, egonaldian zehar, nola lan egiten duten ikusteko aukera eskainiko diete herritarrei zein kanpoko bisitariei noiz edo noiz, trukean aparteko ordainsaririk jaso gabe.

Azkenik, egindako lana Alkizan bertan aurkezteko konpromisoa hartuko dute artistek. Antolatzeileek artistekin adostuko dute aurkezpen hori noiz eta nola egin.

6. HAUTATZEKO BATZORDEA ETA IRIZPIDEAK

Jasotako proposamen guztiak aztertu eta egonaldian parte hartuko duten bi hautagiak aukeratzeko asmoarekin, antolakuntzak honako epaimahai osatu du:

  • Jon Umerez Urrezola: Alkizako alkatea eta EHU-ko irakaslea.
  • Lorea Agirre Dorronsoro: kazetaria eta Jakin aldizkariko zuzendaria.
  • Koldobika Jauregi Zinkunegi: eskultorea.
  • Aintzane Lasarte Garate: CPIE Euskal Itsasbazterra erakundeko kultura bitartekaria eta Nekatoenea, artisten egonaldietako arduraduna.
  • Ramon Agirre Lasarte: aktorea eta idazlea.
  • Haizea Barcenilla Garcia: Artearen historian doktorea EHUn irakaslea eta arte kritikoa.

Aurkeztutako lan guztien artetik bi aukeratuko dira. Hautatutako artistaren batek parte hartzeari uko egingo balio, automatikoki, hurrengo postuan geratu den sortzaileari eskaniko litzaizkioke egonaldian parte hartzeko modua zein beka ere.

Proiektuak epaitzerakoan irizpide hauek izango dira kontuan hartuko direnak:

  • Proiektuaren koherentzia Fagusen Alkiza Interpretazioaren hiru ardatzekin: Natura, gizakia eta kultura.
  • Proiektuaren originaltasuna.
  • Sormenaren Kabia-k eskaintzen dituen lan-espazioetara eta baliabideetara egokitzapena.
  • Artistak proiektuan parte hartzeko azaldu duen interesa.

7. IZEN-EMATEA

Izena emateko epea 2019ko maiatzaren 22tik ekainaren 30era egongo da zabalik, bi egunak barne. Deialdiaren emaitza Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren webgunean jakinaraziko da: www.fagus-alkiza.com

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

  • Izena emateko dokumentazio postaz edo emailez bidali daiteke. Nahi izatera, eskura ere eman daiteke.
  • Izen-ematea egiterakoan hurrengo datuak jarri beharko dira: izen-abizenak, helbidea, helbide elektronikoa eta harremanetarako telefono zenbakia.
  • Proiektuaren deskribapena. Artistak berak aukeratu dezake formatoa. Idatziz egindako azalpen txosten bat izan daiteke, baina, baita bideo bat edota bestelako euskarri batean egindako lan bat ere. Hautatutako bidea edozein delarik ere, hautagaiak egonaldian zehar zer eta nola egin nahi duen azaldu behar du ahalik eta modu zehatzenean.
  • CVa eta aurkezpen eskutitza edota bideoa. Aurkezpen horretan Sormenaren Kabia-n parte hartzeko duen interesa edo motibazioa zein den azaldu beharko du.
  • Nortasun agiriaren edo Pasaportearen fotokopia bat.
  • Eskaera kultura@alkiza.eus helbide elektronikora egin daiteke. Mezua igortzerakoan, Sormenaren Kabia-rako hautagai dela argi adierazi behar dute.
  • Posta bidez bidaltzeko edo eskura emateko helbidea:

Fagus Alkiza Interpretazio Zentroa

San Martin Plaza 12

20494 Alkiza

8. JABETZA INTELEKTUALA ETA IRUDI ESKUBIDEAK

Parte-hartzaileak izango dira aurkezten dituzten proiektuen egile eta originaltasunaren erantzule, eta proiektuen gaineko jabetza intelektualeko eskubide guztiak legez dagozkiela bermatuko dute.

Hautatutako sortzaileak Alkizako Udalari utziko dizkio proiektuari dagozkion irudi eskubideak, Sormenaren Kabia-ri buruzko jardueren berri emateko argitalpen, katalogo edo dena delakoetarako, paperean zein modu digitalean argitaratzeko.

Deialdi honetan emandako datu pertsonalak Sormenaren Kabia proiektuko fitxategi batean sartuko dira. Aukeratutako artistak, antolakuntzari bere izena proiektu honen xedeen barruan komenigarritzat jotzen duen moduan aipatzeko baimena emango dio.

Parte-hartzaileek proiektu honen lan-guneetan hartutako irudietan (argazkiak, bideoak, sare sozialak e.a) ager daitezkeela onartuko dute.

Deialdian parte hartzeak oinarri hauek onartzea dakar.


Oinarriak PDF formatoan