Natura 2000

Habitatak babesteko sortutako sare ekologikoa da

Europa mailan, biodibertsitatearen galera (bizitza aniztasunaren galera) ekiditeko eta arazo larri honi aurre egiteko galtzeko zorian dauden espezieak eta hauek bizi diren habitatak babestea erabaki zen, europar sare ekologiko bat osatuz, eta sare horri Natura 2000 sarea deitzen zaio.

Hernio-Gazume KBE

Natura 2000 sarea Kontserbazio Bereziko Eremuek (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuek (HBBE) osatzen dute.

Beraz, Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremua da (KBE), Natura 2000 sarearen barruan aurkitzen dena. Hainbat urrats eman ondoren,

Natura 2000 sarea Kontserbazio Bereziko Eremuek (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuek (HBBE) osatzen dute.

Beraz, Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremua da (KBE), Natura 2000 sarearen barruan aurkitzen dena. Hainbat urrats eman ondoren, 2013ko apirilaren 30ean Eusko Jaurlaritzak, Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuen 219/2012 DEKRETUAREN bidez. (219/2012 , 2012ko urriaren 16koa, Hernio-Gazume KBE izendatu, eta hura kontserbatzeko neurriak ezartzen dituena). Hala, Hernio-Gazume mendigunea Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izatetik Kontserbazio Bereziko Eremu izatera pasa zen.

Eremu babestua

Eremu babestuak, 2.158 ha-ko azalera dauka eta kareharrizko erliebe karstikoa duen mendigunea izanik, balio handiko paisaia multzoak ditu (kareharrizko gailurrak, harkaiztietako kobak eta zuloak, magaletako pagadi eta hariztiak…) . Paisaia honen barruan, mehatxatutako fauna bizi da; hildako egurrean bizi diren intsektu deskonposatzaileak (saproxilikoak), saguzarrak (kiropteroak) eta saiak esate baterako.

Herriko eremuaren %44a

Alkiza herriko eremuaren ia erdia, %44 hartzen du Hernio-Gazume KBE eremu babestuak. Herrigunetik, plazatik, harkaiztia nabarmentzen da, Hernioko mendilerroa osatzen duten tontor guztiak ikusten direlarik, Herniozabaletik hasi eta Herniorakora arte. Harkaiztia osatzen duen horma erraldoiaren azpian, garai batean ikatza ateratzeko erabiltzen zituzten pago motzez eta hariztiez osatutako basoa maldan behera joaten da Arana bailararekin topo egin arte.

BABESTUTAKO ELEMENTUAK: HABITAT ETA ESPEZIEAK

Leize eta barrunbe karstikoak, basoak eta larreak dira Hernio-Gazume KBEren funtsezko habitatak.

Leizeak hainbat saguzar espezieren babesleku dira, horietako sei Euskadin kaltebera gisa edo galzorian katalogaturik daudenak. Horretaz gain, fauna espezializatu, bitxi eta endemikoak diren beste espezie batzuk ere hartzen dituzte.

Basoei eta larreei dagokienez, Hernio Gazumen pagadi eta hariztiak dira nagusiki Europako Batasunaren interesekoak, baina baita abeltzaintzarako erabiltzen diren larre eta sastrakak ere.

Interes ekologiko handiko baso helduen eta zuhaitz motzen unadak hartzen ditu barnean Hernio Gazumek; eta, horiek mehatxatutako fauna-espezie askoren hazkuntza, babes eta elikadurarako habitatak dira.

Habitat horietan bizi diren animali eta landare espezieei dagokionez, arreta berezia ematen zaie kiropteroen (saguzarren) eta fauna saproxilikoaren kontserbazioari (hainbat kakalardo mota eta barraskilo-espezie bat) Europar Batasunaren intereseko fauna eta florako espezie basatiei dagokienez. Halaber, zenbait hegaztiren biziraupena eta ugalketa ere bermatzen dira (sai arrea eta sai zuria, besteak beste); hartarako, habia egiten duten tokiak babesten dira, elikatzeko eremua zaintzen da (larreak eta sastrakak).

Ibilbideak

Luzera eta zailtasun maila ezberdinetako ibilaldiak egiteko aukera eskaintzen du Fagus Alkizak. Ibilbideak bi multzotan sailka ditzakegu:

1- BABESTUTAKO LANDARE ETA ANIMALIA ESPEZIEAK EZAGUTZEKO IBILBIDEAK

Hernio-Gazumen mehatxatutako fauna espezieak bizi dira: hildako egurrean bizi diren intsektu deskonposatzaileak, saguzarrak eta hegazti harrapariak (sai arrea eta sai zuria) esate baterako. Espezie hauek eta euren habitatak ezagutzeko bi ibilbide porposatzen dizkizuegu: Askantxoko bira edo Itxuraingo bira.

IBILBIDE ERTAINA
(Itxuraingo bira)
Distantzia: 6,5 km.
Desnibela: 350 m
Iraupena: 2 ordu.
Zailtasuna: ertaina
Elementu aipagarriak: Harkaitzetako hegaztiak, Hernioko ikuspegia, pagadiak, zuhaitz zaharrak.


IBILBIDE MOTZA
(Askantxoko bira)
Distantzia: 3,2 km.
Desnibela: 100 m
Iraupena: 1 ordu.
Zailtasuna: erraza
Elementu aipagarriak: Askantxoko erreka, ubidea, urzuloa, Ursalto ur jauzia, baserri ingurunea.

2- ALKIZAKO BASERRI PAISAIA EZAGUTZEKO IBILBIDEA

Alkizako paisaiak ez dira guztiz modu naturalean sortu, ez eta inguruko herrietakoak ere. Nekazaritzak zein abeltzaintzak eragin zuzena izan dute eta ibilbide hau eginez, ikasleek, gure arbasoek paisaiaren eraikuntzan izan duten eragina eta garrantzia ulertzeko modua izango dute. Gainera, baserriak berak urteetan zehar izan duen bilakaera zein den ikasteko modua ere eskaintzen du ibilbide honek .


BASERRI PAISAIA IBILBIDEA
(Aginagako bidea)
Luzera: 5,2 km.
Desnibela: 95 m
Iraupena: 1h 45’.
Zailtasuna: erraza.
Elementu aipagarriak: Alkizako baserrien paisaiaz gozatzeko oinezko ibilbidea.

MENDI IBILBIDE LUZEA

Mendia eta natura gustoko duenarentzako aproposa. Denetara 14 km dituen ibilbide zirkularra da, Alkiza eta Hernioko paisaia ederrez gozatuz.


IBILBIDE LUZEA
(Hernioko bira)
Distantzia: 14 km.
Desnibela: 700 m
Iraupena: 4 ordu.
Zailtasuna: ertaina
Elementu aipagarriak: Hernio eta inguruko mendien ikuspegi zabala, basoak, harkaiztegia.