Europar Batasunak bere lurraldean ingurumen-arazo larria antzeman zuen: biodibertsitatearen galera. Horri aurre egiteko, espezieak eta hauek bizileku dituzten habitatak babestea erabaki zuen, europar sare ekologiko bat eratuz.

Europar sare ekologiko horri Natura 2000 Sarea deritzo eta Europar Batasuneko lurraldean dauden Kontserbazio Bereziko Eremuek (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuek (HBBE) osatzen dute. Eremu horiek Europar Batasunaren zuzentarauaren arabera kudeatu behar dira.

Beraz, Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) bat da, Natura 2000 Sarean aurkitzen dena. Baina, Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko, aurretik hainbat urrats eman ziren:

  • 1997. urtea: Hernio-Gazume mendiguneak interes handiko habitatak eta flora- eta fauna-espezieak dituenez, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hala proposatu ondoren, Hernio-Gazume Natura 2000 Sarean sartzeko zerrendan jartzea erabaki zuten.
  • 2004. urtean, Europako Batzordeak, Hernio-Gazume Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izendatu zuen.
  • 2013ko apirilaren 30ean, Eusko Jaurlaritzak, Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu zuen. Horrela, Hernio-Gazume mendigunea Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izatetik Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izatera pasa zen.

Hernio-Gazume KBE

2.158 ha-ko azalera eta kareharrizko erliebe karstikoa duen mendigune honek balio handiko paisaia-multzoak ditu.

Paisaia horietan mehatxatutako fauna espezieak bizi dira: hildako egurrean bizi diren intsektu deskonposatzaileak, kiropteroak (saguzarrak) eta hegazti sarraskijaleak (sai arrea eta sai zuria).

Alkiza herria

Alkizako herriko eremuaren ia erdia, %44, Hernio-Gazumeko Kontserbazio Bereziko Eremuak hartzen du. Alde batetik Hirumugarrietatik hasi, eta aldez alde Hernio-zabaleko mugaraino; eta bestetik, Belako harkaitzetatik, Santakrutz ermita zaharraren aztarnetaraino.

Gauzak horrela, Alkizako Udalak apustua egin du herriko biodibertsitatea zaintzearen eta ezagutaraztearen, eta gizakiok naturarekiko dugun harremana errespetuzkoa izatearen alde. Horretarako, Fagus Alkiza interpretazio zentroa ireki zuen herrian. Bera da, hain zuzen ere, Hernio-Gazume KEBa ezagutzeko azpiegitura bakarra.