Gizakia, iraganetik eta etengabe ari da bere ingurua eraldatzen. Zentzu honetan, Alkizako baserritarrek iraganean egindako lanek, hein handi batean bermatu dute egun begi bistan dugun paisaia paregabe hau izatea. Hernio-Gazumen ere, beste hainbat lekutan gertatu den moduan, gizakiaren etengabeko lanaren ondorioz lortu da ingurune honetako biodibertsitatea kontserbatzea.

Lurrari lotutako bizimodua izan dute mende luzez alkizarrek. Lurrak eskaintzen zuena bildu, lurra eraldatu, erabili, baina ahal dela suntsitu gabe. Lurrari lotutako bizimoduak, munduaren ulerkera jakin bat sortu zuelarik, kultura bat.

Agian oraindik ere egongo da inor Euskal Herriko baso eta ametsetako hainbat paisaia erabat naturalak direla pentsatzen duenik. Errealitatetik urrun kokatzen da ordea pentsaera hori. Hernio-Gazumen ere hain eder eta berezi agertzen zaizkigun larre eta pago motzen basoak esaterako, iraganeko alkizarrek natura ustiatzeko zuten teknika berezien ondorio zuzena besterik ez dira. Paisaia kulturalak ditugu begi bistan, natura betidanik giza historiarekin gurutzatu baita. Artzainaren eskua, ikazkinarena, edo basomutilena gauza nabaria da gure mendietan, hauen lanak sorturiko formek osatu baitute egungo paisaia. Alkizako familietan guztiz errotuta egon dira mende luzez baserriko lanak, mendiko lanak eta baita salmenta edo truke lanak ere. Esan daiteke, naturaren harmonian bizi izan direla orain urte gutxira arte.

Errespetuz eta miresmenez hitz egiten dute Alkizako zaharrenek Hernio-Gazumeri buruz galdetzean. Hor goiko palazioa bezala izendatu duen aitonik bada Alkizan. Bizimodu bat eskaini dien mendia dute askok, lanaz gain, aisi eta jai une asko eskaini dizkien mendia gainera.

Hainbat langintza ez galtzeko lan egin dute Alkizan Itxurain, Alkiza uztartzen kultur elkarteko kideek. Kultur elkarte hau hainbat alkizarrek osatzen zuten elkartea zen, hasiera batean etnografia ariketak edo ekintzak burutzeko sortua. 2008 eta 2011 urteen artean hainbat proiektu buru zituzten Alkizan, hala nola, txerri boda (2008), Ikiliko txondorra (2009), garo meta (2009), sagardo egitea (2010).

Hemen eskuratu dezakezu “Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana” liburua.

ALKIZAKO UDALAK ETA EUSKALTZAINDIAK JUAN IRAZUSTAREN LANA ETA HAREN GARAIA GOGORA EKARRI DITUZTE 

  • Alkizako eta Hernialdeko erretorea eta euskal idazlea izan zen Irazusta. Gaspar Astete josulagunaren doktrina euskarara itzuli zuen, ikuspegi erlijioso zein linguistikotik polemika-iturri izan dena.
  • Irazusta eta bere garaiari buruzko erakusketa inauguratu da Fagus-Alkiza Interpretazio-zentroan eta, Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana liburua aurkeztu du Olatz Leturiagak.

Alkizako eta Hernialdeko erretorea eta euskal idazlea izan zen Irazusta. Gaspar Astete jesuitaren doktrina euskarara itzuli zuen, ikuspegi erlijioso zein linguistikotik polemika-iturri izan dena.

Irazustak idazlan bakarra publikatu zuen. 1739an Gaspar Astete jesuitaren doktrina argitaratu zuen Iruñean euskarara itzulita Doctrina Cristiana Aita Gaspar Astete Jesuitac erderaz compondua ipiñi zuan Eusqueraz D. Juan de Irazusta Erretore Hernialdecoac… izenburuarekin. Bi mendetan zehar, Gipuzkoako milaka haurrek memoriaz ikasi beharra izan zuten. Aldekoak eta kontrakoak izan bazituen ere bere itzala gaur egun arte iritsi da. Hala, Alkizako Udalak eta Euskaltzaindiak, Irazusta, bere garaia eta lana gogora ekarri dituzte.

Ospakizunak bi zati izan ditu. Lehenengoan Juan Irazusta eta bere garaiari buruzko erakusketa inauguratu dute Fagus-Alkiza Interpretazio-zentroan.

Bigarren zatian, 17:30ean, San Martin Tourseko elizan, ‘Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana’ liburuaren aurkezpena egin du Olatz Leturiagak, liburuaren egileak.

Bertaratu direnek liburuaren ale bat eskuratzeko aukera izan dute, eta Irazustari buruz gehiago jakin nahi dutenek, irailaren 16ra arteko epea izango dute erakusketa ikusteko.

Duela bi mende eta erdi suak harrotu zituen liburuaren garrak ez dira itzali, eta Alkizako Udalak eta Euskaltzaindiak antolatutako omenaldiari esker, Irazustaren izenak eta lanak gure oroimenean bizirik jarraituko dute.

Juan Irazusta Alkizaleteri buruzko informazio gehiago: https://eu.wikipedia.org/wiki/Juan_Irazusta 

Prentsa oharra (PDF)

Jon Mirandak (Ataria) ateratako argazkiak

Euskaltzaindia-ren argazkiak

MEMORIA ITZALI EZ DADIN IKAZKINEI OMENALDIA EGIN DIE ALKIZAKO UDALAK

Gregorio Iruretagoiena, Joxe Aierbe eta Jabier Iruretagoiena txondorgileak omendu dituzte egindako lanagatik eta herriari egindako ekarpenagatik.

Denbora aurrera doa eta igaro ahala bere arrastoa uzten du gure bizimodu, pentsamolde eta paisaietan. Hamarkada batzuk atzera egingo bagenu konturatuko ginateke egungo Alkizak zerikusi gutxi duela erabat baserritik bizi zen herri harekin.

Alkizara iritsi eta irteteko taxuzko errepiderik gabe eta sosak irabazteko industriarik gabe, Alkizarrak baserritik bizi ziren erabat sasoi batean. Lurrak emandako guztia aprobetxatzen zen eta kapritxotarako ez zegoen aukera handirik. Garai hartan, egur-ikatza zen txanpon batzuk irabazteko modu bakarra. Horretarako ordea, txondorrak egin behar ziren eta horiei jaten emateko ezinbestekoa zen ikazkinen lana. Ofizio gogorra zen txondorgileena. Mutil kozkorrak zirelarik basora igo behar izaten zuten txondorrari betegarria eman eta sua itzali ez zedin adi egon behar izaten zuten gau eta egun. Bakarrik egon behar izaten zuten maiz, basoko iluntasun eta hotsez inguraturik.

Alkizarrek esana da hainbat garaitan Hernioren magala gori-gori ikusi zitekeela, izan zirela garaiak non 17 txondor ere batera piztuta zeudenak. Ordea, industrializazioak egur-ikatza zokoratu zuen eta horrek ekarri zuen ikazkinen lana ia erabat itzaltzea.

Alkizako Udalak herriaren historiak bizirik irautea nahi du eta helburu horrekin omenaldia egin zien herriko ikazkinei martxoaren 26an. Joxe Aierbe, Gregorio Iruretagoiena eta Jabier Iruretagoiena protagonistak izan baziren ere, ekitaldi horrekin ikazkin lanetan aritu ziren herriko emakume eta gizon guztiak aintzat hartu zituen udalak, baita duela gutxi gure artetik joandako alkizarrak ere.

Eguna hasteko, Alkizako basoetan barna ibilbide gidatua egin zuten Valentin Mugartza, Aizkorri-Aratz parkeko zuzendariarekin  eta Koldo Jauregi etnografía aditu larrauldarrarekin batera. Bidean zehar naturaz gozatzeaz gainera, ikazkinen ofizioa eta zuhaitz lepatuen mundua hobeto ezagutzeko aukera izan zuten.

Ibilbide gidatua Alkizako plazan amaitu zen. Ordurako zain zeuden Joxe Aierbe, Gregorio Iruretagoiena eta Jabier Iruretagoiena. Alkizako semeak hirurak, eta ikazkinak izandakoak hirurak. Zimiterioaren gerizpean eseri eta txondorgile lanetan aritu ziren garaiez hizketan aritu ziren herritarrekin batera. Kontu kontari aritu ostean, solasaldia borobiltzeko, Anjel Mari Peñagarikanok bertso sorta eskaini zien hirurei((https://ataria.eus/alkiza/1648546319680-penagarikanok-txondorgile-omenduei-eskainitako-bertsoak).Eta ondoren, hamaiketakoa egin aurretik, udalak, Iñaki Irazabalbeitia alkatearen eskutik, txondorraren maketa bana oparitu zien, eta agurra dantzatu zieten, herritar guztien txalo zaparrada artean.

Omenaldia amaitzeko, txondorgileak eta haien familiartekoak hamaiketakoa egitera joan ziren ostatura, eta izena emanda zuten herritarrek Mikel Garaizabal somelierraren gidaritzapean, ardo, sagardo eta gazta dastaketa egin dute Zimiterioan. Goiz osoan zehar, Ikiliko txondorra erakusketa ikusi ahal izan zen elizaren atarian. Alkizako Itxurain Elkarteak 2009an Ikili baserriaren ondoan egin zuen txondorrari buruzko liburua kaleratu zuen. Xabier Artola Zubillaga Artzubik egindako argazkiekin osatu zen liburua eta argazki horiek ikusgai izan ziren.

Xabier Artola Zubillaga ”artzubi”-ren argazkiak

Flickr-en galeria (argazkiak: Unai Sorarrain)

Alkizako Kultur Etxean egindako erakusketa, 2011ko irailaren 9, 10 eta 11n.

Sagastian sagarra, sagarretik sagardoa… Aspaldidanik ezagutzen dugu Euskal Herrian sagarrondoa, ukaezina da sagardoak gurean duen eta izan duen garrantzia.

Itxurain, Alkiza uztartzen elkarteak bultzatutako laugarren proiektua sagarraren eta sagardoaren inguruan gauzatu zen, 2010eko urrian. Eguraldiak batere lagundu ez bazuen ere, talde polita bildu zen, bai sagarrak biltzera joateko eta bai, biharamunean, herriko plazan jarri zen tolarean sagarra jo eta sagardoa egiteko ere. Horren inguruan, noski, festa txiki bat egin zen herrian: parrillan erretako haragia, taloak, muztio berria… Prozesu hori guztia argazkitan jasotzeaz gain, sagarrondoen urteko zikloa ere erakutsi nahi izan zen erakusketan. Sagardoa egiteari dagokionez, Alkizan urtero sagardoa egiten den baserrietan eta Ezkio-Itsasoko Igartubeitin hartutako argazkiekin osatu zen argazki bilduma.

Alkizako baserritarrek Udalaren eta alkizarren omenaldia jaso zuten San Isidro egunez (2015).

Ezkerretik-eskuineta eta goitik behera:

Karmen Arruti Elizegi
Victoria Letamendia Usandizaga
Justa Arsuaga Eizmendi
Tere Belamendia Otamendi
Maritxu Elola Goñi
Miren Mendiola Begiristian
Lourdes Ugartemendia Urruzola
Jacinta Aranburu Ugartemendia
Joxe Ramon Aranburu Ugartemendia
Javier Iruretagoiena Urkirizar
Joxe Mendizabal Tolosa
Martin Gorostidi Ugartemendia
Pedro Manuel Urruzola

Alkizako Kultur Etxean egindako erakusketa, 2009ko udaberrian.

…Ikazkinik ez da gehiago ikusiko euskal herrietako mendietan, argazkitarako ez bada. Badira oraindik gure herrietan ikazkin trebeak, txondor bat egin, piztu eta egunetan ketan iraunarazten ederki dakitenak, baina, beste hainbat lanbide bezalaxe, ikazkintza ere joan den mendean desagertutako jardueren zerrendan geratuko da historia liburuetan. Balioko ahal dute argazkiok, lanbide horiek –eta bizimodu hura, nolabait– erabat atzenduta gera ez daitezen.

Itxurain, Alkiza uztartzen ekimenaren barruan, Itxurain elkarteak bultzatutako bigarren proiektuaren helburu nagusia ikatz txondorra egitea izan zen, eta 2009ko maiatzean gauzatu zen. Txondorra egingo bada, baina, aurreko beste lan batzuk ere egin behar dira: zuhaitzak bota, egurra moztu, txondorra egiteko aukeratutako lekura ekarri… Prozesu hori guztia argazkitan bildu, eta argazki horietako batzuekin osatu zen erakusketa hau.

Bestalde, proiektu honetako argazkiekin liburu bat ere argitaratu da, 2010eko ekainean: Ikiliko txondorra.

Garo meta, Alkizako Leten

Alkizako Kultur Etxean egindako erakusketa, 2009ko udazkenean.

…Idiak, segak, eskuareak, gurdia, lera… orain gutxi arte gure mendi eta soroetan hain ohikoak ziren lanabesak erabili ziren, Alkizako Leten jaso zen garo meta hau egiteko…

Itxurain, Alkiza uztartzen ekimenaren barruan, Itxurain elkarteak hainbat proiektu bultzatu ditu herrian azken urteotan, eta horien arteko hirugarrenaren helburua garo meta egitea izan zen. Aurretik eginak ziren txerri festa, 2008ko sanmartinetan, eta txondorra, 2009ko maiatzean. Hirugarren proiektu honetan, bada, garoa bildu eta meta egitea zen kontua, garai bateko ohiko moduak erabiliz: idiak lotu, mendira jo (Ernioko bidean dagoen Itzuregiko gaina aukeratu zen garoa ebaki eta biltzeko), bertan bezperan ebakitako garoa bildu, lera-gurdiak kargatu eta herrira garraiatu, betiko bideetan barrena. Segak, eskuareak, gurdia, lera… orain gutxi arte gure mendi eta soroetan hain ohikoak ziren lanabesak erabili ziren lana burutzeko. Behin herrian, Lete baserriaren atarian jaso zen meta galanta.

Prozesu hori guztia argazkitan hartu, eta argazki horietako batzuekin osatu zen erakusketa.

Eli Garmendia eta Carlos Pericás argazkilariak dira, ezohiko argazkilariak ordea. Bartzelonan hamabost urtez bizi ondoren, euren bizimodua errotik aldatzea erabaki zuten. Gauza materialekiko kateak apurtu eta slow mugimendura gerturatu eta presarik gabe bizitzea hautatu zuten. Hala, autokarabana txiki batean, 17 hilabetetan hamar mila kilometro baina gehiago egin dituzte batera eta bestera bidaiatuz. Argazki estudio ibiltari bihurtu dute euren bizitokia ere baden ibilgailua eta herriz-herri ibili dira erretratuak atera eta hamaika lagunen historiak eta istorioak ezagutuz.

Nomad Studiok gaur egun, erronka polit bat gainditu berri dute : “Erretratu Momada: Gipuzkoa”. Garai bateko argazkilariek bezalaxe, Gipuzkoako hainbat herritara joan dira  herritarrei erretratuak atera eta argazki artxibo bat osatzeko. Besteak, beste, Alkizan izan dira. Hona hemen Alkizan ateratako argazki bilduma.