Alkiza Hernio mendiaren magalean dago. Ingurune karstikoa dugu hau eta asko dira eremu honetan dauden kobazuloak. Olatzazpiko koba dugu horietako bat.
Orain hamarkada batzuk giza hezur batzuk eta zeramikazko hainbat pieza aurkitu zituzten bertan. Arrasto horiek aditzera ematen dutenez, koba hau, beste asko bezalaxe, hildakoak ehorzteko erabili zuten gure arbasoak. Alabaina, gaur egun oso informazio gutxi dugu eta ikertzeko asko dago.
Gauzak horrela, Alkizako Udalak, epe ertain-luzera, indusketa lanekin jarraitu nahi du . Horregatik, lehen urrats moduan, Olatzazpiko koba auzolanean garbitzekoak ginen. Jesus Tapia Aranzadiko arkeologoak gidatu behar zituen lanak. Ordea, azken egunetako euriteen ondorioz, kobazulora iristeko bidea guztiz lokazturik dago. Ondorioz, Olatzazpi auzolanean garbitzeko irteera bertan behera uztea erabaki du Alkizako Udalak.
Argazkia: Idoia Unzurrunzaga