Idoia Unzurrunzaga Llach argazkilariak eta Maria Andres Sanz dantzariak irabazi dute aurtengo SORMENAREN KABIA beka. Iraila eta azaroa bitartean Alkizan izango dira euren proiektua burutzeko.

JASOTAKO PROIEKTUAK

SORMENAREN KABIA bekaren hirugarren ekitaldia aurkeztu genuen ekainean; ziurgabetasun egoera bete-betean egin genuen parte hartzeko deialdia baina,  hala ere, aleka-aleka hamabost proposamen jaso ditugu.

Emakume aurpegia du aurtengo ekitaldiak ere, izan ere, jaso ditugun hamabost proposamenetatik bederatzi emakumezkoenak baitira.

Aurkeztutako proiektu gehienak Euskal Herri bertako artistenak zan dira, nahiz eta Txile, Ekuador eta Bartzelonako hautagaiak ere izan ditugun.

Aurkeztu diren hautagaien artean artista hasi berriak zein ibilbide luze eta oparoa dutenak izan ditugu, finean, belaunaldi ezberdinetako sortzaileek bat egin dute gure ekimenarekin.

Dantzariak, koreografoak, informatikariak, aktoreak, ilustratzaileak, bitxigileak, zinemagileak, antzerki sortzaileak … denetariko profesionalen lanak jaso ditugu. Diziplina ezberdinetan jarduten badute ere, guztiak batzen ditu artearekiko maitasunak eta esperimentatu eta sortzeko gogoak.

HAUTATZEKO BATZORDEA ETA IRIZPIDEAK

Antolakuntzak honako epaimahai osatu du jasotako proposamenak aztertu eta bi proiektua aukeratzeko xedearekin:

  • Aizpea Goenaga Mendiola, zinema-zuzendari, idazle eta aktorea.
  • Koldobika Jauregi Zinkunegi, eskultorea.
  • Nagore Legarreta Alcelay,
  • Xabier Artola Zubillaga, informatikan doktorea eta argazkilaria.

Proiektuak epaitzerakoan irizpide hauek izan dira aintzat hartu direnak:

  • Proiektuaren koherentzia Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren hiru ardatzekin: natura, gizakia eta kultura.
  • Proposamenaren originaltasuna. Proposatutako ideia berritzailea edota ezohikoa izatea aintzat hartu da.
  • Hautagaiak parte hartzeko azaldu duen interesa.
  • Aurkeztutako lanak kontuan hartu behar ditu landa-eremuko herri txiki euskaldun baten ezaugarriak. Honenbestez, herriarekiko eta bertako kulturarekiko duen ezagutza edota interesa aintzat hartu dira.
  • Artistak herriko eragileak eta oro har, herritarrak aintzat hartzea baloratu da.
  • Sormenaren Kabiak eskaintzen dituen lan-espazioetara eta baliabideetara egokitzapena.

 

HAUTATUTAKO PROIEKTUAK

 

Aurtengo ekitaldian agerikoa izan da hautagaiek Alkiza ezagutzeko eta alkizarrak euren proiektuetan inplikatzeko aparteko ahalegina egin dutela. Antolakuntzak izugarri estimatzen du herritarrak aintzat hartu izana. Aurkeztutako lan guztiak aztertu ondoren, epaimahaiak Idoia Unzurrunzaga eta Maria Andresen proiektuak hautatu ditu.

IDOIA UNZURRUNZAGA LLACH

Arte Ederretan lizentziaduna da eta ikus-entzunezkoan espezializaturik dago. Eskola ezberdinetan argazkigintza ikasle izan ondoren, Idoia Unzurrunzagak arkitektura, macro eta erretratu argazkilari profesional bezala dihardu. Hainbat enpresekin kolaborazioak egiten ditu eta bere argazkietan oinarrituz produktuak diseinatzen ditu.

Hamaika argitalpen, aldizkari, katalogo profesional eta erakusketetan parte hartu du eta orain, SORMENAREN KABIA beka jaso du donostiarrak. Alkizarrek bere ingurunearekin zer nolako harremana duten aztertu nahi du Unzurrunzagak. Horretarako, egonaldian zehar, Alkizako bost auzoetan bizi diren hainbat bizilagunekin ibilbideak egingo ditu. Hernio mendiaren magaleko paraje ederrak eta alkizarren ohitura eta pasarteak ezagutu nahi ditu artistak. Herritarren ahotsek, naturaren soinuek eta parajeen edertasuna islatzen duten argazkiek osatuko dute Unzurrunzagaren lana. Amaieran, 360 graduko argazkiz osaturiko bisita birtualak aurkeztuko ditu Idoia Unzurrunzagak.

www.unzurrunzaga.eus

MARIA ANDRES SANZ

Artista bisuala, koreografoa, aktorea eta ikertzailea da Maria Andres. Dantza Garaikidean eta Arte Ederretan lizentziaduna da eta egun Euskal Herriko Unibertsitatean ikerketak egiten ari da.

2015ean LaRutan dantza konpainia sortu zuen eta orduz geroztik hainbat lan taularatu ditu. Bere konpainian aritzeaz gainera, beste hainbat talderekin ere lan egin du. Artista bisual moduan hamaika lehiaketetan parte hartu du eta sariak ere eskuratu ditu zenbaitetan. Bakar Bat izeneko proiektuari esker, SORMENAREN KABIA beka eskuratu du bizkaitarrak.

Hiriko zurrunbiloarekin gogaiturik, Alkizako parajeetako giro baketsuaren bila etorriko da Maria Andres. Bakardadeaz gogoeta egin nahi du artistak. Bakardadeaz hausnartu nahi du bai bakarrik, baita herritarrekin batera ere. Hainbat grabazio egingo ditu alkizarrekin batera eta amaieran, bildutako osagaiekin dantza pieza bat osatuko du.

Alkizako egonaldian Oihana Varela, Ioritz Zabaleta, Miguel Espiga eta Klaus Ratzek ondoan izango ditu.

www.larrutan.com

SORMENAREN KABIA EGONALDI ARTISTIKOA

Alkizako Udalak, herriko eragileekin batera, artearen sorkuntza hirietatik deszentralizatu eta gizarteratzeko helburuarekin artistek hausnartu, esperimentatu eta lan egiteko espazio berri bat sortu zuen 2018an.

Hautatutako artistek hiru aste izango dituzte euren ideiei forma emateko. Alkizako Kabia Gunea, Lete Apartamentuak, Koldobika Jauregi eta Elena Cajaravilleren Ur Mara Museoa, Inazio Urruzola Txakolindegia eta Alkizako basoak, larreak zein pagadiak izango dira artisten inspirazio iturri eta baita bat-bateko lantoki ere. Bestalde, proiektua aurrera eramateko, artistek mila euroko beka bana jasoko dute.

Sortzaileen eta herritarren artean sinergiak sortzeko aukera ere eskainiko die SORMENAREN KABIAK.

Unai Sorarrain bideogile alkizarra Idoia Unzurrunzaga eta Maria Andresen alboan izango da egonaldian zehar eta ikus-entzunezko lan banatan laburbilduko du sortzaileen lana.

Dena ondo bidean, abenduaren 18an jendaurrean aurkeztuko ditugu aurtengo edizioan parte hartuko duten artisten lanak eta eurekin solasean aritzeko aukera izango dugu.

Egonaldiari buruzko xehetasunak (datak, agenda, artistekin elkarrizketak egiteko datak e.a.) Fagus Alkiza Interpretazio zentroaren atarian argitaratuko ditugu: www.fagus-alkiza.eus.

Ekinez eta ilusioz sortu dugu SORMENAREN KABIA. Lan eginez, ikasiz, esperimentatuz, eginez eta deseginez, gure habia hobetzen joango gara bertan artistak gustura egon daitezen.

Mila esker abentura honetan bidelagun izateagatik.

AURKEZPEN EGUNEKO ARGAZKIAK

Argazkilaria: Unai Sorarrain