Hirugarren ekitaldiko berrikuntzak ezagutzera emango ditugu gastronomía eta sorkuntza uztartuko dituen aurkezpen ekitaldian; Ur Mara Museoan, ekainaren 3an.

Alkizako Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, artistek hausnartu, sortu, esperimentatu eta esperientziak partekatzeko egonaldi bat sortu zuen 2017an: SORMENAREN KABIA.

Ekimen honekin, kultura eta arte-sorkuntza hirietatik deszentralizatu nahi ditugu. Alegia, landa-eremuko herri txikietan ere proiektu artistikoak gauzatu daitezkeela erakutsi nahi dugu. Bide horretan lehen urratsak emanak ditugu jada, aurten hirugarren ekitaldia egingo baitugu.

 

SORMENAREN KABIA 2020. ZERTZELADA BATZUK

Sormenaren Kabiak hurrengo baliabideak eskaintzen dizkie hautatuak diren artistei: lanerako espazioak; aholkularitza artistikoa; izaera bereko beste hainbat proiektu ezagutzeko erraztasunak; euren lana ezagutzera emateko berariaz egindako ikus-entzunezko bat, ostatua eta 1.000 euroko saria.

Lehenengo bi edizioetan parte hartu duten artisten aholkuak aintzat hartuz, egonaldiak, aurten astebete gehiago iraungo du. Hortaz, hautatuak hiru astez egongo dira Alkizan. Hartara, denbora gehiago izango dute euren proiektuak patxada gehiagoz landu ahal izateko.

Aurkeztutako lan guztien artetik bi aukeratuko dira. Zeregin horretarako, antolakuntzak honako epaimahai osatu du:

  • Aizpea Goenaga Mendiola: zinema-zuzendari, idazle eta aktorea.
  • Koldobika Jauregi Zinkunegi: eskultorea.
  • Nagore Legarreta Alcelay:
  • Xabier Artola Zubillaga: informatikan doktorea eta argazkilaria.

Izena emateko epea 2020ko ekainaren 5etik uztailaren 5era egongo da zabalik, bi egunak barne. Deialdiaren emaitzak Alkizako Udalaren (www.alkiza.eus) eta Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren webgunean jakinaraziko dira (www.fagus-alkiza.com) dagokionean.

Eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlana ezinbestekoa da Sormenaren Kabia antolatzeko. Aurten, gainera, herriko beste eragile batek bat egin du ekimenarekin: Ekotalo enpresak. Gauzak horrela, Alkizako Udalak, Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak, Alkizako Ostatuak, Lete Apartamentuek, Inazio Urruzola Txakolindegiak, Ekotalok eta Koldobika Jauregiren Ur Mara Museoak sustatutako proiektua da.

SORMENAREN KABIA 2020. AURKEZPEN EKITALDIA

Koldobika Jauregi eskultorearen Ur Mara Museoan egingo dugu ekitaldia. Baso baten erdian kokaturik dagoen ezohiko museo hau toki paregabea da, izan ere, bertan, naturak, gizakiak eta kulturak bat egiten baitute.

Aurten, gastronomia eta sormena uztartuko ditugu, gastronomia zerbait bada, horixe baita: etengabeko sormena, prestakuntza eta esperimentazioa. Hala, Alkizako Herri Ostatuko sukaldaria den Markos Estebanek eta Ekotalo enpresako Julen Altzelaik Alkizako Kabia izeneko kutixia sortuko dute. Halako jaki goxoak pareko edaria eskatzen duenez, Alkizako Kabia modakua bertako Inazio Urruzola txakolinarekin batera dastatzeko aukera izango da. Alkizarrek, Alkizako osagaiekin, Alkizan egindako kutixia izango da. Alkizako Kabia, baina, mundu osora irekita egongo da, Sormenaren Kabia bezalaxe.

SORMENAREN KABIA 2020 AURKEZTEKO EKITALDIA

Eguna: ekainak 3, asteazkena.

Non: Alkizako Ur Mara Museoan.

Ordua: 11:00etan.

Informazio gehiago:

Edurne Ayuso Apaolaza
Alkizako kultura teknikaria

kultura@alkiza.eus

Telefonoa: 688 604 466

OHARRA: COVID-19aren aurrean babesteko segurtasun neurri guztiak hartuko ditugu ekitaldian. Aurkezpena espazio ireki batean egingo da eta bertaratzen direnean artean segurtasun-tartea bermatuko da. Halaber, guztien eskura jarriko dira musukoak zein eskuak garbitzeko gela ere.

Azkenik, estimatuko genuke ekitaldira bertaratuko ote zaren aurrez jakitea, hartara errazagoa izango zaigu espazioa egokitzea.