ALKIZAKO SORMENAREN KABIA BERRIRO BETETZEKO UNEA IRITSI DA

Gaur goizean aurkeztu dugu SORMENAREN KABIA artistentzako egonaldien hirugarren edizioa. Koldobika Jauregi eskultore ospetsuaren Ur Mara Museoa aukeratu dugu horretarako, izan ere, bertan, naturak berak eskaintzen baitizkigu agertoki zein soinu bandarik ederrenak.

Gastronomia eta sorkuntza uztartu ditugu aurkezpen ekitaldian; sukaldaritza zerbait bada, horixe baita: etengabeko sormena, prestakuntza eta esperimentazioa. Horiek dira hain zuzen ere SORMENAREN KABIA artistentzako egonaldien bereizgarririk nabarmenenak.

Alkizako Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, artistek, hausnartu, sortu eta lan egiteko espazio bat sortu zuen duela hiru urte. Egitasmo horrekin, arte-sormena, kultura bera, hirietatik deszentralizatu nahi dugu. Alkiza Gipuzkoako mapa kulturalean kokatu nahi dugu, etorkizunean landa-eremuko sorgune moduan erreferentea izan dadin. Horretarako lehen urratsak eman ditugu, hirugarren edizioa dagoeneko martxan baita.

Prentsaurrekoan eskualdeko zein nazio mailako komunikabideetako kazetariak izan dira, baita aurtengo epaimahaiko kideak ere: Koldobika Jauregi, Aizpea Goenaga, Xabier Artola eta Nagore Legarreta. Bestalde,  euren babesa adierazi digute Sormenaren Kabia proiektuari hauspoa ematen dioten eragileek ere: Lete Nekazal-etxea; Inazio Urruzola Txakolindegia; Ekotalo, Alkizako Herri Ostatua eta Ur Mara Museoa.

Aurkezpenean, Alkizako Kabia izeneko kutixia sortu dute Alkizako Herri Ostatuko sukaldaria den Markos Estebanek eta Ekotalo enpresako Julen Altzelaik. Lurrak emandako lehengaiekin eta sormena landuz, goi mailako errezetak  sortzea posible dela agerian utzi digute. Hala, Alkizako Kabiak arrakasta izan du bertaratu direnen artean.

Alkizarrek, Alkizako osagaiekin eta Alkizan egindako mokadua da Alkizako Kabia. Alabaina, edonork dastatu ahal izango du, bai Alkizako Herri Ostatuan eta baita Ekotaloko kartan ere. Hots, mundu osora irekita egongo da, Sormenaren Kabia bezalaxe. Izan ere, artea eta natura maite dituen edonork parte hartu ahal izango du Sormenaren Kabia deialdian.

Izena emateko epea ekainaren 5etik uztailaren 5era bitartean egongo da irekita. Alkizako Udalaren webgunean (www.alkiza.eus) eta Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren webgunean (www.fagus-alkiza.eus)  oinarriak ikusgai daude jada. Artista bazara eta natura maite baduzu, Alkizako Sormenaren Kabia zain duzu. Zatoz eta dasta ezazu Alkiza!