AURKEZPENA ETA HELBURUAK

Alkizako Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, artistek hausnartu, sortu, esperimentatu eta esperientziak partekatzeko egonaldi bat sortu zuen 2017an: SORMENAREN KABIA.

Alkiza, bere kokapen geografikoagatik, gune estrategiko batean dagoela konbentzituta gaude: Hernio mendiaren magalean, Europako Natura 2000 Sare ekologikoaren baitan aitortutako naturagune zoragarri baten erdian dago. Gipuzkoaren bihotzean, herri giro lasaia eskaintzen du baina, aldi berean, kilometro gutxira ditugu Donostia, Baiona, Bilbo naiz Euskal Herriko gainerako hiriburuak zein aireportuak ere. Hortaz, Alkiza euren proiektuak garatzeko toki lasaien bila ari diren artistentzat kokaleku aparta da; hirietako zarata eta zurrunbiloetatik urrun, baina, aldi berean, gertu dagoelako.

Nazioartean geroz eta gehiago dira landa-eremuetan artistentzat apropos sortu edo egokitzen ari diren ekimen artistiko eta kulturalak. Gureak Tolosaldeko mugak gainditu eta Gipuzkoako eskaintza osatu du. Azken batean, gure xedeetako bat da Sormenaren Kabia Euskal Herriko artistentzat ez ezik, mundu osokoentzat ere erakargarria izango den ekimen bat izatea.

Kultura eta arte-sorkuntza hirietatik deszentralizatu nahi ditugu. Alegia, landa-eremuko herri txikietan ere proiektu artistikoak gauzatu daitezkeela erakutsi nahi dugu. Bide horretan lehen urratsak emanak ditugu jada, aurten hirugarren ekitaldia egingo baitugu.

Sormenaren Kabia kultura eta ezagutzak partekatzeko, esperimentatzeko eta difusiorako gune bat izateko xedearekin sortu genuen orain hiru urte. Halaber, akuilua izan nahi dugu sorkuntza artistikoa gizarteratzeko eta artisten lanari ikusgarritasuna emateko.

Eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanari esker sortu da Sormenaren Kabia. Aurten, gainera, herriko beste eragile batek bat egin du ekimenarekin: Ekotalo enpresak. Gauzak horrela, Alkizako Udalak, Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak, Alkizako Ostatuak, Lete Apartamentuek, Inazio Urruzola Txakolindegiak, Ekotalok eta Koldobika Jauregiren Ur Mara Museoak sustatutako proiektua da.

 

SORMENAREN KABIAK ESKAINTZEN DUENA

Sormenaren Kabiak hurrengoa eskaintzen die hautatuak diren egileei: lanerako espazioak; aholkularitza artistikoa; izaera bereko beste hainbat ekimen ezagutzeko erraztasunak; euren lana ezagutzera emateko berariaz egindako ikus-entzunezko bat, ostatua eta 1.000 euroko saria.

  • Aukeratutako proiektu bakoitzari emango zaio 1.000 euroko saria. Diru hori nahi dutenerako erabili ahal izango dute eta ez dute ordainagiririk aurkeztu beharko.
  • Alkizako Udalak Lete Apartamentuetako batean hiru asteko egonaldia ordainduko die hautatuak izan diren sortzaileei. Apartamentuek, gehienera ere, lau lagunentzako tokia eskaintzen dute. Horietako bat elbarrientzako egokituta dago.
  • Artistek Koldobika Jauregiren aholkularitza jasoko dute, hala nahi izanez gero.
  • Antolakuntzak artisten eskura jarriko ditu proiektuen ezaugarrietara egokitzen diren beharrezko lanerako espazioak.
  • Antolakuntzak proiektu bakoitzeko ikus-entzunezko bana egingo du artistek Alkizan zer eta nola egin duten ezagutzera emateko. Berariaz egindako lan hauen gastua bere gain hartuko du Alkizako Udalak. Artistek bideo hauek euren promoziorako erabili ahal izango dituzte, noski, Alkizan jendaurreko aurkezpena egin ondoren.
  • Sormenaren Kabian parte hartuko duten sortzaileek aukera izango dute Hendaiako Nekatoenea Artisten Etxea eta Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoko PATRIM + erresidentzia artistikoak zer diren ezagutzeko.
  • Sortzaileei herritarrekin hartu-emanak izateko bideak erraztuko zaizkie. Esate baterako, aukera emango zaie herriko eragileekin bilerak egiteko edota Alkizako Eskolan martxan den Baso Eskola proiektua bertatik-bertara ezagutzeko.
  • Hautatuak diren sortzaileek, Alkizako ondare naturalaz gainera, bertako ondare kulturala ezagutu eta bizitzeko modua izango dute. Herriko ohiturak, tradizioak, eta nola ez, gure hizkuntza ezagutzeko aukera paregabea izango dute. Arnasgunea da Alkiza euskararentzat eta Euskal Herri osoko euskaldunontzat. Hau da, herri euskalduna da Alkiza, euskara da nagusi herrian, eta naturala, normala, erraza da bertan euskaraz bizitzea. Hizkuntza gutxitua den aldetik, arnasgune gutxi ditu euskarak, eta horietako bat da Alkiza. Hortaz, gurera datozen artistei, geure hizkuntza, geure kultura ezagutaraziko diegu. Halaber, Sormenaren Kabian parte hartuko duten sortzaileei gure hizkuntzarekiko begirunez jardutea eskatzen diegu.

Alkizara datorrenak euskara ezagutzen ez badu, Udalak hainbat baliabide eskainiko dizkio horretan laguntzeko: euskarazko oinarrizko hainbat kontzeptu ikasteko saio labur bat; euskarazko oinarrizko hiztegi txiki bat, eta nahi izatera, beste hainbat baliabide ere eskura jarriko zaizkio.

 

EGONALDIAREN IRAUPENA

Hiru asteko iraupena izango du egonaldiak eta 2020ko iraila eta urria bitartean gauzatuko da. Antolakuntzak deialdian aukeratuak izan diren sortzaileekin adostuko ditu data zehatzak. Edozeinetara ere, egonaldia epe bakarrean egin beharko dute, alegia, hiru astez jarraian egon beharko dute Alkizan, ezingo dute egonaldia zatikatu.

 

HAUTAGAIAK

Deialdi honetan adinez nagusia den edozein sortzailek parte hartu dezake, eskarmentu handikoa nahiz hasi berria izan. Artistek bakarka zein taldean aurkeztu ditzakete euren proposamenak. Nolanahi ere, proiektuak jasoko duen diru-saria 1.000 eurokoa izango da.

Proiektuak edozein diziplina artistikotakoak izan daitezke: teknologia berriak, antzerkia, dantza, literatura, eskultura, bertsolaritza, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, argazkilaritza, diseinua, moda eta abar.

Azkenik, aurkeztutako egitasmoa Sormenaren Kabiak eskaintzen dituen baliabide eta baldintzetara moldagarria izan beharko da nahitaez.

 

PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

Lanak artistikoak izan beharko dira, hots, beste inolako deialditara edo lehiaketetara aurkeztu gabeak.

Hautagaiek argi eta garbi adierazi beharko dute landu nahi duten proiektuaren plangintza orokorra zein den, eta Alkizako egonaldian zehar zehazki zer egingo duten. Hiru asteko epean egitasmo bat hasi eta bukatzea zaila denez, Alkizan bertan hasi eta bukatzeko moduko ideia bat, edota, proiektu jakin baten zati konkretu bat garatzeko proposamen bat aurkeztu daiteke.

Deialdian parte hartuko dutenek naturarekin eta landa-eremuarekin lotutako ekimen bat landu beharko dute; Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren hiru ardatzak aintzat hartu beharko dituzte, alegia: natura, gizakia eta bien arteko harremanetik sortzen den kultura. Halaber, egonaldian zehar, naturarekiko eta herritarrekiko errespetuz jokatu beharko dute. Hortaz, sorkuntza prozesuan ezingo dute ingurumenari kalte egin diezaiokeen materialik edo teknikarik erabili.

Artistek antolakuntzarekin adostutako datetan Alkizan egon beharko dute. Baldintza hau beteko ez balute, 1.000 euroko saria eta egonaldian parte hartzeko aukera galduko lituzkete.

Sormenaren Kabian parte hartuko duten sortzaileek, noiz edo noiz, nola lan egiten duten ikusteko aukera eskainiko diete herritarrei zein kanpoko bisitariei eta kazetariei; trukean ez dute aparteko ordainsaririk jasoko.

Hautatutako proposamenak ezagutzera emateko, ikus-entzuneko bana ekoiztuko du Antolakuntzak. Bertan, egonaldian zehar artistek zer egin duten, nola lan egin duten, herriarekin berarekin eta herritarrekin zer nolako harremana izan duten ikusi ahal izango da besteak beste. Aldaketarik ezean, ikus-entzuneko hauek jendaurrean aurkeztuko dira 2020ko abenduaren 18an. Artistek aurkezpen ekitaldian parte hartu beharko dute.

 

HAUTATZEKO BATZORDEA ETA IRIZPIDEAK

Antolakuntzak honako epaimahai osatu du jasotako proposamen guztiak aztertu eta beka jasoko duten bi proiektuak aukeratzeko asmoarekin:

  • Aizpea Goenaga Mendiola, zinema-zuzendari, idazle eta aktorea.
  • Koldobika Jauregi Zinkunegi, eskultorea.
  • Nagore Legarreta Alcelay,
  • Xabier Artola Zubillaga, informatikan doktorea eta argazkilaria.

Aurkeztutako lan guztien artetik bi aukeratuko dira. Hautatutako artistaren batek parte hartzeari uko egingo balio, automatikoki, hurrengo postuan geratu den sortzaileari eskainiko litzaizkioke egonaldian parte hartzeko modua zein diru-saria ere.

Proiektuak epaitzerakoan irizpide hauek izango dira aintzat hartuko direnak:

  • Proiektuaren koherentzia Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren hiru ardatzekin: natura, gizakia eta kultura.
  • Proiektuaren originaltasuna. Proposatutako ideia berritzailea edota ezohikoa izatea baloratuko da.
  • Hautagaiak proiektuan parte hartzeko azaldu duen interesa.
  • Aurkeztutako proiektuak kontuan hartu behar ditu landa-eremuko herri txiki euskaldun baten ezaugarriak. Honenbestez, herriarekiko eta bertako kulturarekiko duen ezagutza edota interesa aintzat hartuko dira.
  • Proiektuak herriko eragileak eta oro har, herritarrak aintzat hartzea baloratuko da. Alkizan egongo diren bitartean herritarrekin jardueraren bat egitea edo herritarrentzat ekimenen bat antolatzea estimatuko da.
  • Sormenaren Kabiak eskaintzen dituen lan-espazioetara eta baliabideetara egokitzapena.

 

IZEN-EMATEA

Izena emateko epea 2020ko ekainaren 5etik uztailaren 5era egongo da zabalik, bi egunak barne. Deialdiaren emaitzak Alkizako Udalaren (www.alkiza.eus) eta Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren webgunean jakinaraziko dira (www.fagus-alkiza.com).

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

Izena emateko dokumentazioa postaz, edo emailez bidali daiteke. Izen-ematea egiterakoan hurrengo datuak aurkeztu beharko dira:

  • Izen-abizenak, helbidea, helbide elektronikoa eta harremanetarako telefono zenbakia. Hautatutako proiektuaren ordezkari bakarra izendatuko da solaskide moduan.
  • Proiektuaren deskribapena (gutxienez 500 hitz, gehienez 1.000).
  • Proiektua azaltzeko lagungarri den material grafikoa edo bestelakoa.
  • Egonaldirako aurreikusitako lan-egutegia.
  • CVa eta aurkezpen eskutitza (gehinera 500 hitz) edota aurkezpen-bideoa (gehienera ere 2 minutukoa). Aurkezpen horretan Sormenaren Kabian parte hartzeko duen interesa edo motibazioa zein den azaldu beharko du.
  • Eskaera sormenarenkabia@gmail.com helbide elektronikora egin daiteke.
  • Posta bidez bidaltzeko helbidea:

Alkizako Udala
San Martin Plaza 12
20494 Alkiza

Dokumentazio guztia PDF formatuko (gehienez 10 mega, 10 orrialde) dokumentu bakarrean aurkeztuko da.

Dokumentazioa euskaraz edo gaztelariaz, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan, aurkeztu ahal izango da. Dena dela, Alkiza herri euskalduna izanik, euskaraz dakiten hautagaie euren proposamenak euskaraz igortzea eskatzen zaie.

Hautatuek nortasun agiriaren edo pasaportearen kopia bat aurkeztu beharko dute 10 eguneko epean, aukeratuak izan direla jakinarazi zaien eguna aintzat hartuta.

 

JABETZA INTELEKTUALA ETA IRUDI ESKUBIDEAK

Parte-hartzaileak izango dira aurkezten dituzten proiektuen egile eta originaltasunaren erantzule, eta proiektuen gaineko jabetza intelektualeko eskubide guztiak legez dagozkiela bermatuko dute.

Hautatutako sortzaileak Alkizako Udalari utziko dizkio proiektuari dagozkion irudi eskubideak, Sormenaren Kabiari buruzko jardueren berri emateko argitalpen, katalogo edo dena delakoetarako, paperean zein modu digitalean argitaratzeko.

Deialdi honetan emandako datu pertsonalak Sormenaren Kabia proiektuko fitxategi batean sartuko dira. Aukeratutako artistak, antolakuntzari bere izena proiektu honen xedeen barruan komenigarritzat jotzen duen moduan aipatzeko baimena emango dio.

Parte-hartzaileek proiektu honen lan-guneetan hartutako irudietan (argazkiak, bideoak, sare sozialak e.a) ager daitezkeela onartuko dute.

 

DATUEN BABESA

Parte-hartzaileek onartzen dute deialdi honen ondorioz emandako datu pertsonalak Alkizako Udalaren titulartasuneko fitxategi batean sartzea. Fitxategi horren helbidea San Martin plaza 12 da, deialdi hau kudeatu ahal izateko.

Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurka egiteko eskubideak posta elektroniko bidez erabili ahal izango dira, dbo@alkiza.eus helbidera mezu bat bidalita, gaian datuak eskuratzeko eskubideak adierazita. Horrekin batera, datuen titularrak sinatutako gutun bat aurkeztu beharko da, jakinarazpenetarako helbide bat eta NANaren edo antzeko beste egiaztagiri baten kopia bat.

Deialdian parte hartzeak oinarri hauek onartzea dakar.

OHARRAK: Covid-19ak eragindako osasun-krisia dela eta, aurreikusitako datetan aldaketak egon daitezke.

Oinarriak jaitsi (PDF)